Aisialdia, askapen denbora eta leku

Larunbat arratsaldea, igande goiza, gabonak, aste santua, uztaila-abuztuko oporrak edo ohiko egun antolatu eta egituratutik kanpoko espazio eta denbora horiek. Zeinen garrantzitsuak izan diren nire bizitzan eta nire inguruko askorenean.

Gure nerabezaro eta gaztaroan baziren horrelako tarteak gure gizartearen irakurketa kritikoa egiteko eta bestelako gizarte bat hausnartu, amestu eta, maila batean bederen, baita esperimentatzeko ere, lantzen zituzten antolakuntza eta erakundeak. Ordizian, baziren gutxienez bi: Gaztetxea, ezker abertzaleari lotua eta Balaka, parrokiari lotua. Beste herri askotan ere ezagutu izan ditut.

Argazki honi begira Balakakoa datorkit. Larunbat arratsaldero edo igande goizetan, doan, sormena landuz, ohiko material arruntekin eta taldea probestuz joko kooperatiboak, mendi irteerak, antzerkiak, ginkanak, eztabaidak, rol jokoak… Gabon-kotiloiak, denon artean, elkarlanean prestatu eta gauzatutakoak: atrezzoa, jan-edana, musika, dantza, antzerkiak… Bi, hiru eta lau egunetako mendi edo txirrindu irteerak Aizkorri, Aralar, Urbasa, Irati edo beste toki askotara. Eta zer esanik ez aste terdiko kanpamenduak Zalduondo eta Antzinen. Naturaren erdian, kanping-dendak, karpa handi bat eta taldearen antolamendu eta sormena egunak magiko bihurtzeko.

Ez genuen diru askorik behar, ezta baliabide eta tresna ikusgarririk ere. Ez zen beharrezkoa artista edo talde ezagunik kontratatzea, ezta espektakulu handirik antolatzea edo kanpoko norbaitek gure aisialdia nola antolatu eta zenbat ordaindu behar genuen esatea.

Asialdi espazio eta denbora hori egitura kontsumistatik, ezarritako marko kultural, ekonomiko eta politikotik, moduren batean, irten, hausnartu, kritikatu eta, nolabait, bestelako gizarte bat esperimentatzeko gune ere bazen.

Eta pentsatzen dudan bakoitzean harridura besterik sortzen ez didan zerbait. 17, 18, 19 urte inguruko gazteak, zaharrenak 25 ingurukoak, ginen 13 eta 16 urte bitarteko nerabeekin hau guztia sortzen genuena.

Argazkiak oroitzapena ez ezik, beharra ere sortzen dit. Gaur ere, atzo bezala, ezinbestekoak baitira horrelako espazio eta uneak askapen espazio eta denbora moduan. Gaurko gazteentzat, baina baita argazki horretatik gaurdaino urteak pilatu ditugunontzat ere.

Zorionez, gaur ere badira gazteak eta ez hain gazteak ere, modu ezberdinetan, autoeratzen ari direnak, aisialdia beraien modura antolatzeko denbora eta leku horietan egun gizartearen, antolakuntza ekonomiko, politiko eta kulturalaren kritika egiteko probesten, gure jendartea eraldatzeko beraien hausnarketa, proposamen eta ekimenak lantzen. Badugu ekarpen guztien beharra, aisialdia denontzat ere askapen leku eta denbora izan dadin.

Deja un comentario